ZER DA HAMA?

2001etik, Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astea (HAMA) antolatzen du. Astebetez, normalean apirilean, hezkuntzarako eskubidearen alde lan egiten dugun 124 herrialde baino gehiago mobilizatu egiten gara, hezkuntza-komunitatearen, komunikabideen, gizarte osoaren eta, batez ere, ordezkari politikoen arreta geureganatzeko. Horren helburua da kontura daitezela beharrezkoa dela kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea benetan eta eraginkorki gauzatzea mundu osoan.

HAMA 2019

Prest zaudete 2019ko Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Asterako (HAMA)? Aurten apirilaren 1etik 7ra bitartean egingo da, “Hezkuntza defendatzen dugu, munduaren euskarri gara” lelopean. Hain zuzen, xedea izango da azpimarratzea hezkuntzak zer-nolako garrantzia duen ingurumenaren degradazioaren aurkako borrokan eta gizarteari eta ingurumenari dagokienez jasangarria izango den eredu bateranzko eraldaketan. Gure planetaren etorkizuna bermatzeko, gure eredu ekonomikoa eta ekoizpen- nahiz kontsumo-sistemak eraldatzeko gai izan behar dugu.  Hezkuntzak gure planeta salba dezake. Horrenbestez, beharrezkoa da klima-aldaketaren eta beste ingurumen-arazo batzuen kausa eta ondorioez kontzientziatutako herritarrak prestatzea, eta herritar horiei konponbideak bilatzeko, beren kontsumo-ereduak aldatzeko eta gizartea eraldatzeko behar izango dituzten ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak irakastea.

Azpimarratu nahi dugu behar-beharrezkoa dela gure hezkuntza-sistemak eraldatzea, bizimodu jasangarriagoak susta ditzaten. Klima-aldaketa mundu mailako erronka bat da; izan ere, ingurumenean kalte larriak eragiteaz gain, gizakiontzat kostu altua ere badakar. Adibidez, inguruneko kutsadurak 4,2 milioi heriotza goiztiar eragin zituen mundu osoan, horietako 38.000 Espainian, balioespenen arabera. Horrez gain, aurreikuspenen arabera, 2050erako, 200 milioi pertsonak ihes egin behar izango dute, klima-aldaketaren eraginez. Gainera, klima-aldaketak 122 milioi pertsona pobreziara eraman litzake 2030. urterako. Fenomeno horrek hezkuntzari ere eragiten dio; izan ere, hori da uzten den lehen gauzetako bat hondamendi bat gertatzen denean. Horrek, gainera, generoari loturiko ondorioak ere baditu; izan ere, bereziki eragiten die neskato eta emakumeei krisialdi eta larrialdi-egoeretan.

Imprimir

 

Hezkuntza ekitatibo, inklusibo eta kalitatezko baten rola

Euskadiko HMK koalizioko kideok bat gatoz Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearekin (IPCC), eta aldarrikatzen dugu hezkuntzak ezinbesteko rola duela gure jokabideak eta kontsumo-ereduak indibidualki nahiz kolektiboki aldatzeko eta, hala, gure planeta salbatu ahal izateko. Hezkuntza ekitatibo, inklusibo eta kalitatezko batek honako hau lor dezake:

  • Pertsonak gai izatea ingurumenaren arazoak ulertzeko eta konponbideak aurkitzeko, baita arazo horien ondorio negatiboetara egokitu eta kalteberatasuna murrizteko ere. Adibidez, ikerketa batzuek erakusten dute hezkuntza-maila altuagoa duten nekazariek gaitasun handiagoa dutela klima-aldaketari aurre egiteko. Beste ikerketa batzuek adierazten dute hezkuntzaren arloko aurrerapena gelditzen bada, hondamendi naturalen biktima-kopuruak % 20 egin lezakeela gora datorren hamarkadan. Ordea, 2030. urterako Bigarren Hezkuntza unibertsalizatzeak hondamendi naturalek eragindako 200.000 hildako saihets litzake datozen hogei urteotan.
  • Klima-aldaketaren kausak eta ondorioak eta beste ingurumen-arazo batzuk ulertzeko gai diren herritarrak heztea, eta konponbideak bilatzeko nahiz kontsumo-ereduak aldatu eta gizartea eraldatzeko ezagutza, gaitasun eta jarrerez hornitzea. Adibidez, ingurumenari buruzko hezkuntza areagotuz gero, balioak eta jokabideak aldatzen dira, bai pertsonenak, bai taldeenak, eta horrek kontsumo-ohiturak aldatzea dakar, bai eta ingurumen-arazoei konponbideak bilatzea ere.

IMG_7263

Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astea: Hezkuntza defendatzen dugu, munduaren euskarri gara

Espainian mobilizazioak egingo dira 30 hiri baino gehiagotan, eta guztira 40.000 pertsona baino gehiagok parte hartzea espero da (ikasleak, irakasleak eta aktibistak). HAMAk, mobilizazio-jarduera gisa, jasangarritasunarekin lotutako Scrabble-ak osatuko ditu Espainia osoko plaza eta ikastetxeetan.

Urte osoan zehar, 200 ikastetxe eta hezkuntza ez-formaleko talde baino gehiago aritu dira hezkuntzari, jasangarritasunari eta 2030 Agendari buruzko CMEren material didaktikoak lantzen, eta orain horiek arduratuko dira, hain zuzen, gauzatuko diren aldarrikapen-ekintzak sustatzeaz.

Materialen atalean aurki ditzakezu aurtengo kanpaina lantzeko unitate didaktikoak, baita beste material batzuk ere: ordezkari politikoei zuzendutako aldarrikapenak barne hartzen dituen posizionamendu-dokumentua, kartela, pegatina, etab.

Presta zaitez aktibista izateko!

MATERIALAK

Hezkuntza-komunitatea hezkuntzarako eskubideak duen garrantziari buruz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko material didaktikoak ematen dizkiegu ikastetxeei.

Zer jokatzen dugu? Munduan hezkuntzak duen egoerari buruz duzuen jakintzak probatzea nahi baldin baduzue, gure hezkuntza eskubidearen Trivial txikia frogatzera animatzen zaituztegu. Jolasten ikasteko tresna dibertigarria …Hurrengo loturan sakatu, lotu zaitez eta zure puntuazioak hobetu!

Urtero, HAMEAk gai bat hartzen du ardatz. Horretan oinarrituta, mobilizatu egiten gara eta politikariei presioa egiten diegu, hezkuntza jasotzeko eskubidearen inguruan hartu dituzten konpromisoak bete ditzaten. Kanpainaren mezu nagusiak gure jarrerari buruzko dokumentuan aurki daitezke.

Urtero, pegatinak, kartelak eta bideoak prestatzen ditugu HAMEAren berri emateko eta gure ahotsa herritarrengana hurbiltzeko. Horrez gain, HAMEA bakoitzaren ostean memoria bat egiten dugu. Bertan, gure aktibistek hezkuntzarako eskubidearen alde eginiko ahalegin guztiak jasotzen ditugu.

Herritarrak hezkuntzarako eskubideari buruz informatuta eta kontzientziatuta egon daitezela nahi dugu, bai eta kalera irten daitezela ere, munduko pertsona guztientzat oinarrizkoa den eskubide hori aldarrikatzera. Horretarako, urtero mobilizazio-proposamenak prestatzen ditugu ikastetxeetan eta kalean, herritarrek eta ordezkari politikoek gure aktibistei entzun diezaieten.